XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamar minuturen buruan itzuli diote bandera jabeari, ez gehiago aireratzeko aginduz.

Autobidean sartzearekin batera hasi da festa: lehenengo bost kotxeak errenkadan jarri, orduko 10 kilometroko abiadara jaitsi eta dozena bat bandera irlandar dantzan jarri dituzte, bozina zaratatsuen doinuan.

Minutu gutxiren buruan, egundoko ilarak sortarazi eta Polizia lanean jarri dugu berriro.

Bigarren errenkan dago gu lauron autoa eta urruti ikusten ditugu land-roverrak, karabanaren atzetik aurrera hurbiltzen, oso pixkanaka.

Ikuskizunak merezi du: polizi-autoak eginahala guztian aurreraino heldu nahian ari dira, baina geure kotxeez, lotsagabe, bidea ixten saiatzen gara.

Land-roverra ezkerretik aurreratzen saiatzen bada, aurreko autoak ere ezkerrera egiten du kolpe batean, eta eskuinera egiten badu, berdin eskuinera.

Land-roverretakoak ez daude etsitzeko, eta borroka latza gertatzen ari da.

Bideo kamerak ere ezin hutsik egin, eta atzean datorkigun land-roverretako baten gainean dator Spielberg, lehendik ere filmatuak dituen autoak eta bidaiariak berriro filmatzera.

Gorriak pasatzen ari da, hala ere, batere seguritaterik gabe baitator ibilgailu gainean eserita, irrati-antena hankartean duela.

Kotxeak aurreratzeko maniobra bihurrietan ia hankaz gora erori zaie kameraduna, behin baino gehiagotan.

Errepide ertzetik aurrena, kotxe arteko zirrikitua zabalaraziz gero, gure errenkaren gibeleraino iritsi dira azkenean lau land-rover, gainean kameraduna daramana barne.

Eric eta Malachy ez daude aukera galtzeko prest:

- Ikusi al duzu bideoduna nola datorren?

- Bizkortu dezagun abiada!

Keinuak baliatuz ados jarri dira aurreko hamar autoak: Orain!.

Eta zapaldu dute azeleragailua: hamabost, hogei, hogeita hamar, berrogeita hamar, laurogei, ehun... (...)